XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joan den ikasturteko plano bektorialen eta plano afinen ezaguerak gogoratu beharko dituzu oraingoan.

HELBURUAK:

Tartealde euklidearraren ulerpena lortzea.

Plano metrikoa eta plano metriko euklidearra ezagutzea.

OHARRA.- Atal honen edukina lehengokoaren eraskin baten moduan uler dezakegu.

Hala ere, plano metrikoa atal berezi batean aztertzera makurtu gara zenbait arrazoirengatik.

1.- Badira kontzeptu batzuk, aurreko ikasturteetan ikasleek jadanik ikusiak, plano metrikoaren nozioa beharrezkoa dutenak.

Zenbaki errealak eta, batez ere, limitea eta segidaren edo funtzioaren jarraitasuna definitzerakoan, hurbiltasunaren (hots, distantziaren) idea azaltzen zen bertan.

Hain zuzen ere, multzo batean definituriko distantziak eta ez bestek, bihurtzen du multzoa espazio metriko.

2.- Idea labur batzuk eskaini nahi zaizkio hemen ikasleari (argiak eta zehatzak izan daitezen saiatuko gara) trigonometria launa, zenbaki konplexuak eta geometria euklidearra ikasterakoan lan egin beharko duen multzoaren (kasu honetan espazio euklidearraren) ezaguera arrazoizko bat eskura dezan.

3.- Ohargarria da benetan espazio metrikoek espazio topologiko-en kasu berezi baten moduan zenbaterainoko garrantzia eskuratu duten.

Zientzietako karrera jarraituko duenak guzti hori ederki frogatzeko aukera izango du.

Ezeren intuizio edo irudipen errealik gabeko espazio metriko abstraktuekin aurkituko da.

Halaz eta guztiz, espazio guzti hauen planoaren eredu intuitibo eta espazio hirudimentsional arrunt-etatik eratorriak dira.

Oharraren bukaera moduan, ikasleari atal honetatik plano euklidearraren eta plano metrikoaren kontzeptuak bakarrik eskatuko zaizkiola esango dugu.

2.1.- SARRERA.

O.H.O.-n ikasitako Geometria oinarrizkoan plano arrunta ikusi zen bera eratzen duten puntuez, zuzenez,... (hasierako gai moduan kontsideratzen dira hauek) eta hauen artekoen erlazioez mugatua.

Joan den ikasturtean plano bektorialaren eta plano afinaren kontzeptuak eman ziren.

Gogora ditzagun orain, laburki bederen.

Plano bektoriala honela adierazten zen (...)